Etxe barneko langile baten lan heriotza eta sektoreko prekaritate eta esplotazioa salatzeko elkarretaratzea Bilbon

2019/12/05
ELA, LAB, ESK, STEILAS eta HIRUk irmo salatu dute azken lan istripu hilgarria Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Elkarretaratzean baieztatu dutenez, “lan eta bizi baldintzen prekarizazio prozesuak eta egun bizi dugun lan harreman ereduak lan ezbehar kopuru onartezin baten aurrean kokatzen gaituzte”. Azken heriotz honekin, 2019an Hego Euskal Herrian gutxienez 44 langilek galdu dute bizitza lanean edo lanaren ondorioz. Azaldu dutenez, bereziki larriak dira etxeko barneko langileen lan eta bizi baldintzak. “Gehienbat jatorri anitzetako emakumeek osatutako lan sektorea dugu hau. Prekaritate larriena pairatzen duten arren, lan osasunaren ikuspegitik Prebentzio Legetik kanpo uztea erabaki dute, eta ez dago inolako erregistro ez estatistikarik lan egoera hauen inguruan”, kexu dira.

Orain egun batzuk eman zen ezagutzera 56 urteko etxe barneko langile bat lanean zegoela ondo ezik sentitu, ospitalera joan eta egun batzuen ondoren zendu egin zela. Gertaturikoa salatzeko egindako elkarretaratzean azpimarratu dute argi dagoela lan munduan gertatzen diren heriotzak ez direla gertaera isolatu edota zorte txarraren ondorio. Hori dela eta, Osalan eta Lan Ikuskaritzari beraien ardura aintzat hartu eta lan istripu honen arrazoiak, eta ondorioz, arduren inguruko ikerketa sakona egitea exijitu diete.

“Argi dugu laneko indarkeriarekin amaitzeko lan eta bizitza duina bermatu behar dela. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena. Gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok lanean eta borrokan jarraituko dugu, langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde”, berretsi dute.

Halaber, larunbat honetan, abenduak 7, 19:00etan Bizkaiko Aldundiaren aurrean, emakume talde eta organizazio feminista desberdinetako kideek zendutako emakume langileari egingo dioten omenaldi agurrean parte hartzeko deia egin dute.