ELA-LAB-STEILAS-ESK-HIRU eta EHNE sindikatuek Soraluzen gertaturiko lan istripuak eragindako garraiolariaren heriotza salatu du

2017/10/20
Euskal gehiengo sindikalak, alegia, ELA-LAB-STEILAS-ESK-HIRU eta EHNE sindikatuek, Soraluzen gertaturiko lan istripuak eragindako garraiolariaren heriotza salatu du gaur Atxondon, Comercial Arrate enpresaren aurrean. Salatu dutenez, ezin ahaztu, tamalez beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak direla. Garraiolariek ez daukate giza nahiz lan gaixotasunen aurrean babes egokirik askotan, izan ere, gehiengo batean, langile autonomoak baitira.

ELA-LAB-STEILAS-ESK-HIRU eta EHNE sindikatuen agiria:

Lehenik eta behin gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu lehengo astean Soraluzen (AP1ean) lan istripuan hil zen garraiolariaren senide eta lagunei. Beti azpimarratu nahi izan dugu garraiolariek errepidean edukitako lan istripuak ez direla maiz estatistika ofizialetan kontutan edukitzen: errepide istriputzak jotzen dira, zenbakiak apaintzeko. Baina lan istripuak dira, errepideak baitira garraiolarien lan eremua. Ezin dugu ahaztu, tamalez beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak direla. Garraiolariek ez daukate giza nahiz lan gaixotasunen aurrean babes egokirik askotan, izan ere, gehiengo batean, langile autonomoak baitira.

Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen prekarietate egoeraren ezagun izan arren. Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desregulazio basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak dira. Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira Administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.

Honegatik guztiagatik, gehiengo sindikaleko kideok elkarretaratzea egingo dugu datorren ostiralean, urriak 20, Atxondon, Comercial Arrate enpresaren aurrean (Artia industria poligonoa) goizeko 12tan. Mobilizazioa ezinbestekoa da eta istripuak gertatzen direnean ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUko kideok egoera salatzen jarraituko dugu, baita hildako langilearen familia eta lagunei babesa ematen ere.