ELAk Berriobeitiko (Nafarroa) lan-istripu hilgarria salatzen du

2021/09/06
Patronalak lan-istripuen aurrean duen jarrera deitoratu, eta Nafarroako Gobernuak Prebentzioko Lurralde Ordezkariari esleitutako diru publikoa NOPLOI eta Lan Ikuskaritzaren bitartekoak handitzeko erabiltzeko eskatzen du sindikatuak

ELAk jakin ahal izan duenez, Grúas Burgi enpresarentzat lanean ari zen pertsona bat (R.L.R) hil zen irailaren 4an Berriobeitin (Nafarroa), pala kargatzaile batek harrapatuta, hondakin industrialen kudeaketan aritzen den Medenasa enpresan. Lehenik eta behin, ELAk babesa eta elkartasuna adierazi nahi die biktimaren lankide, senide eta hurbilekoei, eta ikerketa sakon bat egiteko eskatzen du, lan-tresneria, seinalizazio, eta enpresen arteko koordinazioaren arloan gerta daitezkeen ez-betetzeak argitzeko.

Aurten honez gero 44 pertsona hil dira lan istripuan Hego Euskal Herrian, horietatik 11 Nafarroan. Lan-istripuak % 30 igo dira 2012tik, eta astero pertsona bat hiltzen da bere lanpostuan. Lan-erreformek indarrean jarraitzen dute, eta langileen segurtasunaren kontura enpresa-etekinak handitzeko erabiltzen dira, prekarietate-faktoreen bidez, hala nola desinbertsioa eta azpikontratazioa.

Horren aurrean, patronalak isilik jarraitzen du, edo Nafarroan Prebentzioari buruzko araudia betetzen dela erraten du, laneko heriotzen %40 segurtasun-neurrien faltagatik gertatzen direnean. Bestalde, Nafarroako Gobernuak uko egiten dio ELAk lan-istripuen aurrean egindako proposamenak entzuteko biltzeari, baina CEN, UGT eta CCOOen Prebentzioko lurralde-ordezkariak diru publikoarekin finantzatzeko ez du inongo zalantzarik, NOPLOI eta Lan Ikuskaritza kolapsatuta dauden bitartean.

Egoera horren aurrean, ezeraginkorrak diren elkarrizketa sozialaren politikak alde batera uztea eskatu, eta lan-baldintzak hobetuz laneko ezbeharrak desagerrarazteko, enpresa eta lantokietan antolatzeko deia egiten du ELAk.