FCC Medio Ambiente (Gipuzkoa)

ELAk Gipuzkoako hiri hondakinen bilketan edukiontziak kentzeko segurtasun protokoloak berrikustea eskatu du

2024/07/23
ELAren ordezkaritza sindikalak, Gipuzkoan sektorean gehiengoa duenak, bilera bat eskatu dio FCC Medio Ambiente enpresari, Noainen (Nafarroa) hondakinak biltzeko lanetan ari zen langile bat hil ostean.

Iruñerriko Mankomunitatean hondakinak biltzen zituen FCC Medio Ambiente enpresako langile bat hil dela jakin ondoren, ELAk, Gipuzkoan sektorean gehiengoa duenak, bilera bat eskatu dio enpresako Zuzendaritzari, edukiontziak kentzeko segurtasun-protokoloak berrikusteko eta, horrela, langile gutzien segurtasuna bermatzeko.

Egun indarrean dauden protokoloek prebentzio baliabideak ezartzen dituzte, eta eskailera espezifikoen erabilera ere, hondakinak biltzeko ibilgailuetan trabatutako edukiontziak kentzeko lanetan segurtasuna bermatu dadin. Baina ez dute neurri nahikorik aurreikusten altueratik erortzeko arriskuari aurre egiteko, eta prozeduran ezarritakoa betetzeko behar diren baliabideak ez daude beti erabilgarri, zerbitzua ematea lehenesten da.

Beste behin ere, interes ekonomikoaren eta plantillen segurtasunaren arteko gatazkak bere aurpegirik gordinena erakutsi du, beste langile baten heriotzarekin. Euskal Herrian, aurten 33 pertsona hil dira lan istripuz, horietako 11 Gipuzkoan, eta horietako asko segurtasun neurri egokirik ez egotearen ondorioz izan dira, sistematikoki errepikatzen den joera batean, non lan karga eta erritmo altuek eragin handia duten.

Horregatik, ELAk patronalari eskatu dio lan ezbeharren aurrean duen isiltasuna hausteko, eta etekin ekonomikoa lehenesteari uzteko, eta lan arriskuen prebentzioari buruzko araudia zorrotz betetzea. Era berean, ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio premiazko neurriak har ditzala enpresetan eta lantokietan ez-betetze horiek kontrolatzeko, lan ikuskaritzako plantilla 120 pertsonaraino handituz.