ELAk Jaurlaritzari exijitzen dio jar dezala berehala martxan lan istripuei aurre egiteko egitasmoa

2018/09/07
Behargin bat hil da lan istripuan Trapagarango Cable Recycling lantegian. Dagoeneko 45 langile hil dira Hego Euskal Herrian; egoera hau onartezina da. Hori dela eta, ELAk lan istripuei aurre egiteko egitasmoa eskatzen dio Jaurlaritzari egoerari buelta eman ahal izateko.

Lan istripu hilgarriek gora egin dute. Aurten ELAk espresuki eskatu du erorketak pairatzeko arriskua duten lanpostuen ikuskaritza lana hobetzea, lan horietarako protokoloak gogortzea eta administrazioek lan hori burutzeko medioak jartzea. Zoritxarrez, erorketen ondorioz hildako kopurua oso altua izan da azken urteetan. Horrek argi erakusten du ez direla istripu hutsak, eta lan horiek burutzeko baliabideak eta segurtasun neurriak berrikustea ezinbestekoa dela.

ELAren ustez, lan baldintza duinak izatea eta lanak segurtasunez burutzeko baliabideak izatea lanean aritzeko ezinbesteko baldintzak dira. Lana bukatutakoan etxera bizirik eta onik bueltatzea edozein langileren gutxieneko eskubidea da, eta ezin dugu onartu prekarietatearen edo baliabide faltaren ondorioz bizitza galtzea; diru irabaziak ezin dira bizitzaren gainetik egon.