ELAk patronalari egotzi dio ‘absentismoa’ erabiltzea lan osasuneko arazoetatik arreta desbideratzeko
Apirilaren 28an, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunari begira, ELAk azpimarratu du salaketa eta mobilizazio eguna izan behar dela, eta ez oroigarri sinboliko hutsa. ELAk Bilbon ekitaldia egingo du ‘Euskal Herrian absentismoa %0 da. Kriminalizazioaren aurrean, prebentzioa lehen lerrora!’ lelopean.
Datu batzuk
EAEn, langileen %4,78k uzten dio lan egiteari hilean, gertakizun arrunten ondoriozko ezintasunengatik. 60-64 urte arteko langileek aldi baterako ezintasunen %10 pilatzen dute, 16 eta 29 urte artekoek soilik %3.
Aldi baterako ezintasunen ia erdiak gaixotasun muskuloeskeletikoen ondoriozkoak dira. Antsietatearekin eta depresioarekin lotutako ezintasunek baja egunen herena pilatzen dute. 2018tik 2024ra %72 hazi dira mota honetako aldi baterako ezintasunak.
Istripuen ondorioz urtero 60 langile baino gehiago hiltzen dira Hego Euskal Herrian, iaz 62 izan ziren gutxienez, 35 EAEn eta 27 Nafarroan.
Lan-istripuak, prekaritatearen ondorio
ELAren arabera, lan istripuen eta baja medikoen gorakada ez da kasualitatea. Lan prekaritatearen eta osasunaren gainetik produktibitatea eta kostuen murrizketa lehenesten dituen enpresa ereduaren ondorioa da. Istripuak eta gaixotasunak egiturazko faktoreen emaitza dira, hala nola prebentzioan inbertsio falta, lanaren antolaketa txarra, gainkarga eta langile falta. Gainera, prebentzioa tramite burokratiko huts bihurtu da, eraginkortasunik gabe, kontrol publiko, independentzia eta langileen parte-hartze faltagatik.
‘Absentismoa’ %0 da Euskal Herrian
ELAk kritikatu du gero eta ohikoagoa dela ‘absentismo’ terminoa enpresen lehiakortasun arazo nagusietako bat balitz bezala erabiltzea, bereziki patronalaren eta enpresarien diskurtsoetan, baita komunikabideetan ere. Sindikatuaren arabera, kontzeptu hori langile klasearen aurka baliatzen da, langileek borondatez lanera ez joatea leporatuz. Ildo horretan, ELAk azpimarratu du Euskal Herrian ‘absentismoa’ deitzen dena ez dela benetako arazo bat planteatzen den moduan, eta ez duela errealitate objektiborik islatzen.
Etiketa horren barruan nahasten dira egoera oso desberdinak, hala nola gaixotasun edo istripuen ondoriozko bajak, baimen ordainduak, kontziliaziorako lanaldi murrizketak, medikuarenera joateko baimenak edo ordu sindikalak. ELAk ohartarazi du diskurtso hori gero eta gehiago erabiltzen ari dela kontrol eta zigor neurriak justifikatzeko, ardura langileen gain jartzeko eta langile klasea kriminalizatzeko.
Kontrol neurriak prebentzioaren ordez
ELAk ohartarazi du lan osasunaren narriadura eragiten duten arrazoi estrukturalak jorratu beharrean, langileen kontrolera bideratutako neurriak sustatzen ari direla, hala nola mutualitateen esku-hartzea indartzea bajen kudeaketan, zelatatzeko mekanismoak edo aldi baterako ezintasunak laburtzeko pizgarriak. Neurri horiek arazoaren muina alde batera uzten dute eta ez dute laguntzen laneko segurtasuna eta osasuna hobetzen.
ELAren proposamenak
ELAk lan osasunaren politiketan ikuspegi aldaketa eskatzen du, prebentzio errealaren eta lan baldintzen hobekuntzaren alde:
>Lan Ikuskaritzaren indartzea (plantilla 120 arte handitzea EAEn eta 45 arte Nafarroan, Europako batez-bestekora iristeko)
>Osasun sistema publikoan inbertsio handiagoa, bereziki osasun mentalaren arretan.
>Prebentzio zerbitzu independenteen sustapena.
>Enplegu egonkorra eta soldata duinak sustatzea.
>Enpresetan prebentzio politika eraginkorrak garatzea, plantillen parte-hartzearekin.
Apirilaren 28an, ekitaldia Bilbon
ELAk apirilaren 28an Bilbon egingo duen ekitaldian laneko presio eta kontrol praktikak azaleratuko ditu, kasu zehatzen testigantzekin.
Horietako batean, supermerkatu handi bateko langile batek azalduko du nola enpresako medikuak eta koordinatzaileak ebakuntza bat baldintzatzen saiatu ziren presio eta mehatxuen bidez; ebakuntza egin ondoren, eta langileak ELAren zerrendetan jarraitzea erabaki zuenean, enpresak jarraipen medikoa eten zion, bere osasunean ondorio kaltegarriak eraginez.
Bestalde, Bilbobus zerbitzuko ordezkari batek azalduko du nola zuzendaritzak mutuak presio tresna gisa erabiltzen dituen eta, 2023az geroztik, Qready “absentismoaren kontrolerako” enpresaren bidez langileak are gehiago jazartzen dituen, langileen ongizatearen aurkako praktikak erabilita.