LANEKO OSASUNAREN ETA SEGURTASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA

ELAk patronalari egotzi dio ‘absentismoa’ erabiltzea lan osasuneko arazoetatik arreta desbideratzeko

2026/04/27
ELAk patronalari egotzi dio ‘absentismoa’ erabiltzea lan osasuneko arazoetatik arreta desbideratzeko
ELAk ohartarazi du baja medikuak patronalak bultzatzen duen lan baldintza prekarioen ondorio zuzena direla.

Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira, ELAk azpimarratu du salaketa eta mobilizazio eguna izan behar dela, eta ez oroigarri sinboliko hutsa. Hori dela eta gaur, apirilaren 27an, elkarretaratzea egin du CEN patronalak Iruñean duen egoitzaren aurrean, ‘Nafarroan absentismoa %0 da. Kriminalizazioaren aurrean, prebentzioa lehen lerrora!’ lelopean.

Datu batzuk

Nafarroa da Estatu mailan baja medikuek iraupen gutxien dituen bigarren lurraldea. Gaixotasun arruntei dagokienez, gihar-hezurretako eta osasun mentaleko arazoak dira horien iraupenaren lehen eta bigarren kausa, eta NOPLOIren ikerketa txostenek diotenez, baja egun horien erdia oso lotuta egon daiteke lan-baldintza eskasekin. Edonola ere, Baja arrunten lan-jatorriaren inguruko azterketa sakonagoetarako, Gizarte Segurantzak langileria eta enpresen inguruan ukatutako informazioa berreskuratzea beharrezkoa dela salatu du ELAk.

Lan-istripuak, prekarietatearen ondorio

ELAren arabera, lan ezbeharren gorakada ez da kasualitatea. Lan prekaritatearen eta osasunaren gainetik produktibitatea eta kostuen murrizketa lehenesten dituen enpresa ereduaren ondorioa da. Lan istripuak eta gaixotasun profesionalak egiturazko faktoreen emaitza dira, hala nola prebentzioan inbertsio falta, lanaren antolaketa txarra, gainkarga eta langile falta. Gainera, prebentzioa tramite burokratiko huts bihurtu da, eraginkortasunik gabe, kontrol publiko, independentzia eta langileen parte-hartze faltagatik.

‘Absentismoa’ %0 da Nafarroan

ELAk kritikatu du gero eta ohikoagoa dela ‘absentismo’ terminoa enpresen lehiakortasun arazo nagusietako bat balitz bezala erabiltzea, bereziki patronalaren eta enpresarien diskurtsoetan, baita komunikabideetan ere. Sindikatuaren arabera, kontzeptu hori langile klasearen aurka baliatzen da, langileek borondatez lanera ez joatea leporatuz. Ildo horretan, ELAk azpimarratu du ‘absentismoa’ deitzen dena Nafarroan ez dela benetako arazo bat planteatzen den moduan, eta ez duela errealitate objektiborik islatzen.

Etiketa horren barruan nahasten dira egoera oso desberdinak, hala nola baimenak, lanaldi murrizketak, ordu sindikalak, grebak eta baja medikuak. ELAk ohartarazi du diskurtso hori gero eta gehiago erabiltzen dela kontrol eta zigor neurriak justifikatzeko, ardura langileen gain jartzeko eta langile klasea kriminalizatzeko.

Kontrol neurriak prebentzioaren ordez

ELAk ohartarazi du lan osasunaren narriadura eragiten duten arrazoi estrukturalak jorratu beharrean, langileen kontrolera bideratutako neurriak sustatzen ari direla, hala nola mutualitateen esku-hartzea indartzea bajen kudeaketan, zelatatzeko mekanismoak edo aldi baterako ezintasunak laburtzeko pizgarriak. Neurri horiek arazoaren muina alde batera uzten dute eta ez dute laguntzen laneko segurtasuna eta osasuna hobetzen.

ELAren proposamenak

ELAk lan osasunaren politiketan ikuspegi aldaketa eskatzen du, prebentzio errealaren eta lan baldintzen hobekuntzaren alde:

  • Lan Ikuskaritzaren indartzea (plantilla 45 arte handitzea Nafarroan, Europako batez-bestekora iristeko)
  • Osasun sistema publikoan inbertsio handiagoa, bereziki osasun mentalaren arretan.
  • Prebentzio zerbitzu independenteen sustapena.
  • Enplegu egonkorra eta soldata duinak sustatzea.
  • Enpresetan prebentzio politika eraginkorrak garatzea, plantillen parte-hartzearekin.