LAN HERIOTZA

ELAk protesta ekintza egin du Gasteizen azken lan heriotza salatzeko

2023/09/25
Istripua irailaren 19an izan zen. Galtzagorri Haurreskolako 32 urteko langile bat zendu zen ezbeharrean, lanetik etxerako bidean izandako auto istripu baten ondorioz. Protesta ekintza Gasteizko Galtzagorri Haurreskolaren aurrean izan da. Heriotza horrekin, 2023an gutxienez 36 langile hil dira lan-istripuz Hego Euskal Herrian, horietatik 9 Araban.

Haurreskolen Partzuergoan, hezkuntza publiko osoan gertatzen den bezala, behin-behinekotasun tasak oso altua izaten jarraitzen du. Administrazioek ez dute borondate politikorik izan finkatze-prozesu bermatzaileak egiteko. Beraz, aldi baterako kontratuen ehuneko izugarriak mantentzen dira. Horrela, plaza egokiago baten zain, gaur egun indarrean dagoen sisteman hezkuntzako langile asko behartuta daude kontratu prekarioak egitera. Etxetik urrun dauden kontratu partzialak, iraupen txikikoak. Hau da, administrazioa prekarietatera kondenatzen ari da sektoreko langile asko. Honek guztiak eragin zuzena du langileen segurtasunean eta osasunean.

Beraz, nahitaezkoa da Eusko Jaurlaritzak, behingoz, sektoreko pertsonen enpleguaren egonkortasuna bermatzeko hartu behar dituen neurriak hartzea, bai eta horien segurtasuna eta osasuna hobetzea ere.