BASURTUKO OSPITALEA
ELAk salatu du Anatomia patologikoko zerbitzuan bero jasangaitzarekin lan egin behar dutela

Urteak dira Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Anatomia Patologikoko Zerbitzuan tenperatura oso altuekin lan egiten dutela. Gaur bezalako egun batean 35 graduraino iristen da termometroa bertan, baimendutako gehienekoa legez 27 gradu direnean. Esaterako, uztailaren 14an, goizeko 11:00etan, termometroa 30 gradutan zegoen.
Uda iristean arazoa larriagotu egiten da. Izan ere, gero eta maizago ditugu bero boladak, eta plantillaren egoera muturrekoa izaten ari da, osasunari eta ematen duten zerbitzuari zuzenean eragiten.
ELA sindikatuak eta langileek Osakidetzari behin eta berriz kexatu ondoren, OSIk binilo batzuk jarri ditu leihoan prebentzio neurri gisa. Hala ere, Osakidetzak ez du aintzat hartu aire girotuko aparatuak (finkoak nahiz eramangarriak) instalatzeko aukera. Sindikatuari jakinarazi diotenez, zerbitzuaren instalazioak ez daude egokituta aire girotuaren sistema jasateko.
Hori salatzeko, ELAk deituta, langileak Basurtuko Ospitalearen zerbitzuaren atarian elkartu dira, egoera hau konpontzeko neurriak lehenbailehen eskatzeko Osakidetzari.