LAN HERIOTZA

ELAk salatu du Azkoitian baso lanetan zebilen langile baten heriotza

ELAk salatu du Azkoitian baso lanetan zebilen langile baten heriotza
Abuztuaren 5ean, 44 urteko baso-sektoreko langile bat hil zen Azkoitiko Urrategi auzoan, baso lanetan ari zela enbor bat gainera erorita.

ELAk elkartasuna eta babesa adierazi die hildako langilearen senide, lagun eta lankideei.  Azkoitiko heriotzarekin, gutxienez 28 dira aurten Hego Euskal Herrian lanean bizia galdu duten langileak (uztailaren 23ra arteko datuen arabera: bederatzi Gipuzkoan, zortzi Araban, sei Bizkaian eta lau Nafarroan).

ELAren ustez, heriotza hau ez da gertakari isolatua, egiturazko arazo baten ondorio zuzena baizik. Prekaritatea, azpikontratazioa, behin-behinekotasuna, lan erritmo jasangaitzak eta segurtasun neurrien gabezia dira lan istripuetan zuzenean eragiten duten faktore nagusiak.

Ikuskaritza eta kontrol falta onartezina da, eta irregulartasunek zigorrik gabe jarraitzea ahalbidetzen du. Laneko segurtasuna bermatzeko ardura duten erakundeek ezin dute pasibotasunez aritu.

Sindikatuak salatu du egungo testuinguru ekonomikoan enpresek produktibitatea eta etekin ekonomikoak lehenesten dituztela langileen segurtasunaren eta osasunaren gainetik, bereziki basogintza bezalako arrisku handiko sektoreetan. Era berean, administrazioari leporatu dio irregulartasunen aurrean kontrol eta ikuskaritza nahikorik ez egitea.

ELAk prebentzio politika eraginkorrak, kontrol publiko zorrotza eta lan baldintza duinak exijitzen jarraituko du, lanetik bizirik itzultzea langile guztien eskubidea delako.