LAN OSASUNA ETA SEGURTASUNA
ELAk salatu du bi egunetan hiru pertsona hil direla lan-istripuetan
Aste honetan hiru lan istripu izan dira: Altsasun eta Donostian astelehenean eta atzo Eskoriatzan beste bat. ELAk prebentzio falta salatu du, kasu askotan, enpresek eta erakundeek lan osasun eta segurtasunean gutxieneko inbertsioa eginda saihestu daitezkelako istripuak eta heriotzak. ELAk behar besteko baliabideak exijitu dizkie enpresa eta instituzioei, baita Prebentzio Legea behin eta berriz ez betetzeagatik zigorrak ezartzea ere.
ELAk, gainera, hildako bi pertsona basogintza sektoreko langileak zirela nabarmendu du. Eskoriatzan, adar bat buruan erorita eragindako traumatismoaren ondorioz. Arrazoi horrexek eragin zuen, hain zuzen ere, Errioxako 45 urteko baso-langilearen heriotza. Astelehenean hil zen, Altsasuko udalerriko (Nafarroa) Auntzetan, iristeko zaila den eremu batean, mozketa lanetan ari zela.
Joan den astelehen goizean, OSALANek oraindik ikertzen dituen arrazoiengatik, Donostiako Udalaren azpikontrata den 2023ko UTE Parques Históricos 2003 enpresako lorezain bat hil zen Aieteko parkean belar txarrak kentzen ari zela. 65 urteko langilea arrazoi ez-traumatikoengatik hil zen. ELAk nabarmendu du laneko karga fisikoak eta tenperatura altuak kontuan hartu behar izan zirela kasu honetan, urtero gertatzen diren bero-kolpeen istripuak prebenitzeko.
Dagoeneko, 29 dira aurten Hego Euskal Herrian lanean hil diren pertsonak.