LAN ISTRIPUA

Elkarretaratzea ASCOBI patronalaren aurrean, Bilboko Alde Zaharrean gertatutako istripua salatzeko

2024/05/13
ELAk protesta egin du Bilboko Alde Zaharreko Tenderia kaleko 24 zenbakiko eraikineko laugarren solairuan aurreko ostegunean gertatutako lan istripua deitoratzeko.

ELAk eraikuntzaren sektorearen dagoen prekarietatea salatu du Ascobiren (Bizkaiko Eraikitzaile eta Sustatzaileen Elkartea) egoitzaren aurrean eta segurtasun neurri gehiago eskatu dizkie bai patronalari bai enpresei.

Eraikuntzaren sektorean arriskuak askotarikoak dira, lan karga handiak, altuerak, lan erritmoa eta makina arriskutsuen erabilera, besteak beste, eta horrek ezbehar tasa handia eragiten du. Enpresa txiki eta ertainetan egoera are okerragoa da, fakturazioa laneko segurtasunaren aurretik jartzen baita beti. Baliabideak eta prestakuntza maila sarritan eskasak dira, eta horren prekarietatearen eta lan baldintza txarren ondorioz gertatzen dira istripuak.

ELAk prekarietatearen aurka lan egiten jarraituko du, eta enpresa eta lantokietan prebentzio araudia betearazteko baliabideak eskatuko dizkio dagokion Gobernuari. XXI. mendean lanean eta lanaren ondorioz hiltzen eta gaixotzen diren pertsonen kopurua onartezina da. Errotik aldatu behar dira lan politikak, euskal langileen osasunak lehentasuna izan dezan.

2024an 23 pertsona hil dira jada Hego Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz. Bizkaian, zehazki, 5 hildako izan dira, 3 eraikuntza lanetan.