LAN ISTRIPUA

Elkarretaratzea Durangon, astelehenean izandako lan-istripu larria salatzeko

2023/03/29
Eraikuntzako hiru langile altuera batetik erori ziren Arandoñodorre kaleko etxebizitzak eraikitzen ari zirela. Langileetako batek Gurutzetako ospitalean jarraitzen du.

Beste behin ere, eraikuntzako sektorean altuera batetik erorita izandako lan-istripu baten aurrean gaude. Hiru langileetatik bik azpikontratetan lan egiten zuten. Gertaera hauek behin eta berrio errepikatzen dira eta argi eta garbi adierazten dute gaitz honekin behin betiko amaitzeko borondate eta baliabiderik eza.

Irmoki salatzen dugu istripuen eta laneko heriotzen atzean erantzuleak daudela, baita erantzukizun politikoak ere. Gobernuak eta patronalek erabaki dute gertakari horiei garrantzirik eta lehentasunik ez ematea. Erabaki politikoa da Osalanen eta Lan Ikuskaritzan baliabide nahikoetan ez inbertitzea. Erabaki politikoa da patronalen eta enpresaburuen interesen alde legeak egitea. Baita heriotza horien erantzuleak ez zigortzea ere.

2023an jada bederatzi dira Hego Euskal Herrian lanean hil diren pertsonak prekarietatearen eta lantokietako prebentzio eta segurtasun neurrien faltaren ondorioz. ELAk proposamen zehatzak egiten jarraituko du eta mobilizatzen jarraituko du lan istripuak salatzeko eta horiekin amaitzeko.