LAN HERIOTZAK

Elkarretaratzea Ezkerraldean gertatutako bi lan heriotzak salatzeko

2024/01/10
Urtarrilaren 9an bi langile hil ziren Ezkerraldean gertatutako bi lan-istriputan. Goizean, 54 urteko garraiolari bat hil zen, kamioiak paretaren kontra jo eta kabinak su hartuta; arratsaldean, 29 urteko langile bat hil zen Trapagaranen, lantokiko ate mugikorra gainera erorita. Lan heriotza horiek salatzeko, ELAk elkarretaratzea egin du Santurtzin.

2024ko lehen bi istripu hilgarrien aurrean gaude. Goizean garraiolari bat hil zen. Santurtziko porturantz zihoan kamioiaren kontrola galdu zuenean. Kolpearen ondorioz, kamioiaren kabinak su hartu zuen. Altsasuko Cisternas, S.A. enpresako langilea zen eta 54 urte zituen. Garraiolariek izaten dituzten lan-istripu gehienak trafiko-istripu gisa erregistratzen dira, langile horiek pairatzen dituzten lan-arriskuak alde batera utzita. Sektoreak prekarietate-maila oso altuak ditu, eta horrek lan-erritmo handiak eramatera behartzen ditu, kargak garaiz emateko, ordu bukaezinak lan egitera eta isolamendua jasatera, besteak beste. Horrek guztiak estres maila handiekin lan egitera behartzen ditu, eta denboran zehar mantenduz gero, ondorio oso kaltegarriak eragiten ditu osasunean. Gainera, Bizkaiko Salgaien Garraioko Hitzarmena betetzen ez duten estatu mailako enpresak sartzeak mozkin-marjinak murrizten ditu, eta enpresak tarte horiek berreskuratzen saiatzen dira, lanaldi nekagarriak behartuz eta, laburbilduz, salgaien garraioaren sektoreko lan-baldintzak prekarizatuz.

Bestalde, arratsaldean 29 urteko langile bat hil zen, lantokiko nabea ixteko erabiltzen ari zen atea gainera erorita. Trapagarango Ugarte industrialdeko Iveco Bomloy enpresako langilea zen. Atetzarrak pisu ikaragarria zuen, eta erreietatik atera zen manipulatzean. Istripua eragin duen atea argindarrez mugitu beharko litzateke pisuagatik, baina mekanismoa hautsi zenetik langileak eskuz itxi behar zuen egunero, enpresak ez baitzuen konpondu. Gaur egun, prebentzio-araudia oraindik ez dago enpresetan txertatuta, eta, beraz, kasu askotan ez dira gutxieneko segurtasun-mailak betetzen. Patronalek ez dute begi onez ikusten segurtasunean inbertitzea, diru galera gisa baino ez baitute ikusten. Ekoizpena lehenesten dute prebentzioaren aurretik, eta horrek ondorio larriak dakarzkie langileei, Trapagarango istripuan eta beste hainbatetan gertatu den bezala.

Egoera horri aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak oso ikuskatzaile eta teknikari gutxi ditu, eta ez da bermatzen enpresetan segurtasun-maila egokiak ezartzea, langileek lan-istripuak eta laneko gaixotasunak izan ez ditzaten. ELAk behin eta berriz salatu du Hego Euskal Herrian oso lan-ikuskatzaile gutxi ditugula biztanleko Europarekin alderatuta, eta horrek eragin zuzena duela ezbehar-tasan.

Prekarietatea gogor kolpatzen ari da esparru gehienetan, garraiolarien sektorean, industrian, zerbitzuetan, osasun-eremuetan... lan-baldintzak okertzen ari dira urtez urte, eta gure osasuna ere kaltetzen ari da. Prebentzio-politikak errotik aldatzen ez badira, ezin dira ezbehar-tasaren datu horiek hobetu, lotsagarriak baitira. Borondate politikoa behar da, eta, batez ere, lehentasuna eman behar zaio pertsonen osasunari eta bizitzari diruaren aurretik.

ELAk gogor salatzen jarraituko du laneko istripuek eragiten duten gaitza saihesteko segurtasun falta.