LAN HERIOTZA

Elkarretaratzea Lezon eraikuntzako langile baten heriotza salatzeko

2024/01/22
Urtarrilaren 18an Gailur Eraikuntzak enpresako obra batean Proteclan enpresako langile bat hil zela eta, ELAk lan ikuskaritzako plantilla handitzea eskatu du, enpresen zigorgabetasunarekin amaitzeko. 18 egunetan 8 pertsona hil dira lan-istripuz Hego Euskal Herrian

Segurtasun sareak instalatzen dituen Proteclan enpresako langile bat hil zen urtarrilaren 18an Lezoko (Gipuzkoa) Altzate auzoan, Gailur Eraikuntzak enpresaren eraikuntza lan batean altuera batetik erorita. Urteko lehen lan-istripu hilgarria izan da Gipuzkoan, Hego Euskal Herrian 18 egunetan izan den zortzigarrena. Horren aurrean, ELAk elkartasuna adierazi nahi die hildakoen senideei, eta egon daitezkeen erantzukizunak argitzeko eskatzen du.

Iaz, gutxienez 50 pertsona hil ziren beren lanpostuan, gehienak prekarietate-egoeran eta segurtasun-neurririk gabe ari zirelako. Laneko ezbeharrek markak hausten jarraitzen dute, azken aldian etengabe hazten ari diren eta mugarik ez dutela diruditen tasekin. Gaur egun, altuerako erorikoak dira oraindik ere lan-istripuek eragindako heriotzen arrazoi nagusietako bat, nahiz eta horrelako ezbeharrak erraz saihets daitezkeen oinarrizko babes-neurriekin. Hala ere, aurten, dagoeneko bi pertsonak galdu dute bizia arrazoi horregatik beren lanpostuan.

Estatistika ofizialek berretsi egiten dute laneko arriskuen prebentzioa ez dela egiten, edo, egiten bada, paperean geratzen dela. Eraikuntzaren sektorean, enpresek lehentasuna ematen diote berehalako etekin ekonomikoari plantillen segurtasunaren gainetik, probintzia-hitzarmena ez aplikatzearen, azpikontratazioaren eta desinbertsioaren bidez. Horrek lan-erritmo altuak, eta prestakuntzarik nahiz prebentzio-baliabiderik eza dakartza, lan-istripua izateko arriskua areagotuz.

Prebentzio Legea onartu eta ia 30 urtera, patronalak oraindik ere zigorgabetasun osoz urratzen du prebentzio-araudia, eta erakunde publikoen konplizitatearekin, hauek egiten baitiote ez-betetze horiek kontrolatzeko beharrezko bitartekoak ezartzeari. Horregatik, ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio, Europako jarraibideei jarraituz, lan-ikuskaritzaren plantilla 100 pertsonatan indartu dezala, eraikuntza-obretan laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia zorrotz betetzen dela kontrolatzeko.