Elkarretaratzea Sopelan etxeko langile bati egindako sexu-erasoa salatzeko

2022/01/27
ELAk, LABek, STEILASek, ESK-k, EHNEk eta HIRUk elkarretaratzea egin dute Sopelako (Bizkaia) udaletxearen aurrean, atzo, urtarrilak 26, erasotzailearen etxean lanean ari zela etxeko langile bati egindako sexu-erasoa salatzeko. Sindikatuek babesa adierazi diote erasoa jasan duen langileari, erasoa gaitzetsi dute, eta ikerketa azkarra eta zigorra eskatu dute erasotzailearentzat. "Sexu-erasoa salatzen dugu eta etxeko langileentzako eskubide guztiak exijitzen ditugu", azpimarratu dute.

Sindikatuek adierazi dute lan-istripua oso testuinguru berezian gertatu dela. Izan ere, etxeko langileek erabateko prekarietate-baldintzetan egiten dute lan. Sektore horretan gehienak emakumeak dira, asko emakume migratuak, guztiak zaintza-lanetan. "Etxe partikularretan lan egiteak bidegabekeria asko ezkutuan eta zigorrik gabe geratzea eragiten du", salatu dute.

Horri guztiari gehitu behar zaio kolektibo hori ez dagoela jasota Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean, eta Prebentzio Legeak ez dituela babesten; izan ere, eskaera historiko horrek erantzunik gabe jarraitzen du, eta desberdintasunetan are gehiago sakontzen du.