LAN ISTRIPUA

Elkarretaratzea Voith Paperreko langile baten heriotza salatzeko

2024/01/26
56 urteko langile bat zendu zen atzo, Galiziako zentral hidroelektriko batean mantentze lanetan ari zela. Azken lan heriotza hori salatzeko, Voith Paper enpresako batzordeak deituta elkarreratzea egin dute langileek, Ibarrako Apatta industriagunean.

2024 urteko lehen 25 egunetan dagoeneko 10 pertsona hil dira lan istripuz Hego Euskal Herrian, horietatik bi Gipuzkoan. Iaz 50 izan ziren gutxienez, gehienak prekarietate egoeran eta segurtasun neurririk gabe ari zirelarik. Hori dela eta, ELAk elkartasuna adierazi die hildakoaren gertukoei eta lankideei, eta azken heriotz honen atzean egon daitezkeen ardurak argitzeko eskatu du.

Araudi zorrotza bete behar duten arren, makinek eragindako harrapaketa eta kolpeak dira oraindik ere gisa honetako heriotzak eragiten dituzten arrazoi nagusienetako bat. Heriotz horiek oinarrizko babes-neurriekin saihestu daitezke, baina aurten dagoeneko hiru pertsonak galdu dute bizia haien lanpostuan arrazoi horregatik.

Lan ezbeharrek markak hausten jarraitzen dute, eta datuek erakusten dute lan-arriskuen prebentzioa ez dela egiten, edo egiten bada, paper hutsean geratzen dela. Prebentzio araudia onartu zenetik ia 30 urtera, patronalak oraindik ere zigorgabetasun osoz urratzen du legea, jakin badakielako erakunde publikoek uko egiten diotela segurtasun neurriak betetzen direla kontrolatzeko beharrezko bitartekoak ezartzeari.

Egoeraren larritasunaren aurrean, beharrezkoa da enpresen gaineko behaketa eta zehapenak areagotzea. Horregatik, ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Europako jarraibideekin bat egin, eta kolapsatuta dagoen lan-ikuskaritzaren plantilla 120 pertsona arte handitu dezala, EAEko lantokietan ematen diren segurtasun balditzak behar bezala kontrolatzen direla bermatzeko.