LAN ISTRIPU HILGARRIAK

Elkarretaratzeak Arrasateko eta Gasteizko lan istripuak salatzeko

2023/07/26
Aurreko astean bi lan heriotza gertatu ziren, bata Arrasaten eta bestea Gasteizen; horrez gain, istripu oso larri baten berri ere izan genuen Arrasaten. Heriotza hauekin gutxienez 31 lirateke Hego Euskal Herrian lanean zendutako beharginak.

Bi lan heriotza eta istripu larri bat soilik aste betean. Uztailaren 17an, lan heriotza bat gertatu zen Construcciones Moyua enpresa Arrasaten egiten ari den obra batean. Antza denez, Marset enpresako 43 urteko langilea ondoezik sentitu zen eta ospitalean bertan hil zen. Egun bat beranduago, asteazkena, uztailaren 18an eta Arrasaten bertan, JMA enpresan istripu oso larri bat izan zuen behargin batek. Oraindik ikertzeke dauden arrazoiak medio, langileak harrapaketa bat izan zuen lanean ari zen makinarekin. Ostiralean, hilaren 21ean, laneko heriotza bat gertatu zen Gasteizko Talleres Aratz enpresan. 33 behargina lanean ari zen makinak harrapatuta hil zen.

ELA Sindikatuak beste behin ere gogoratu nahi du laneko heriotza hauek ez direla zorizko gertakariak, enpresen prebentzio araruen etengabeko betegabetzeen eta administrazioaren erabateko utzikeriaren ondorio zuzenak baizik. Bestalde, eta datu ofizialek berresten dutenez, ezbehar-kopurua etenik gabe igotzen ari dela 2012az geroztik, eta enpresetan laneko arriskuen prebentzioa ez da egiten, edo egiten bada, paper hutsean geratzen da. ELAren iritziz, aurrekoak zerikusi zuzena du enpresarien zigorgabetasunarekin eta erakunde publikoen konplizitatearekin.

Hau guztia salatzeko elkartaratzeak egingo ditu ELAk: lehena bihar, hilak 27 goizeko 11:30ean Arrasateko Udaletxeko plazan, pasa den astean herrian gertatutako bi istripuak salatzeko. Bigarrena ostiralean, hilak 28 eguerdiko 12:00ean Gasteizko Andramari Zuriaren Plazan, hirian gertatutako lan heriotza salatzeko.