Epaiaren zain geratu da Eraikiprest S.L.-ko langile batek Alemanian izandako lan-istripu hilgarriaren epaiketa, segurtasun neurriak bermatu ez zirela frogatu eta gero

2020/09/10
Egiaztatuta geratu da enpresak Alemaniara bidali zituela bere langileak bigarren azpikontrata gisa altuerako lanak egitera, inolako segurtasun neurririk gabe. Hala adierazi du Osalaneko teknikariak, lekuko gisa agertu dena. Bere txostena berretsi du, eta enpresak laneko arriskuen derrigorrezko ebaluazioa ere ez zuela egin adierazi du. ELAk zigorra eta kalte-ordaina eskatu dizkio enpresari, prebentzio-araudia urratzeagatik eta bizitzeko eskubidea urratzeagatik.

Epaiaren zain geratu da Eraikiprest enpresako langile batek 2018ko irailaren 3an Alemanian izandako lan-istripuagatik Donostiako Lan Arloko 3 zenbakiko Epaitegian egindako epaiketa. Langilea pabiloi bateko teilatutik behera erori eta hil egin zen.

Epaiketa-ekitaldian aurkeztutako dokumentazioan, lekukoen deklarazioekin batera, "osotasun fisikorako eta bizitzarako eskubidearekin guztiz bateraezina" den enpresa-praktika bat jasotzen da, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Ordezkaritzak zigorra ezarri zion enpresari.

"Bi egun jarraian egin genituen Errenteriatik Alemaniara, 5 ordu baino ez genuen egin lo, eta arnesik eta bestelako segurtasun neurririk gabe hasi ginen lanean", azaldu du lekukoetako batek.

ELAk azpimarratu du hori ez dela kasu isolatu bat. "Prekarietatea eta segurtasun neurrien falta arazo estrukturala da, eta erakundeek baliabide gehiagorekin eta borondate politiko irmoarekin egin behar diote aurre", azpimarratu du sindikatuak.