LAN OSASUNA
Epaitegiak ebatzi du Ondarroako Udalak ez duela bete prebentzio legea

Bilboko Lan Arloko 12 zenbakiko Epaitegiak, 2025eko urtarrilaren 30ean emandako epaian, ELAri arrazoia eman eta 51.021,16 euroko kalte ordaina ordaintzera zigortu du Ondarroako Udala, langile batek bere arduradun eta nagusiekin zuen gatazkaren aurrean prebentzio neurririk ez hartzeagatik.
Lan gatazka 2020an hasi zen, arduradun berri bat lanean hastearekin batera. Desadostasunak gorabehera, langileak antsietate bajaren lehen aldia urte horretako abenduan hasi zuen. 2022ko irailean, langileak gertaeren berri eman zion Udalari, baina honek ez zuen ezer egin, eta aldi baterako ezintasun prozesu bat hasi zuen 2022ko azaroan, Gizarte Segurantzak lan istripua zela aitortu zuen. ELA sindikatuaren errekerimenduaren ondoren, Udalak kanpoko enpresa bat kontratatu zuen diagnostiko bat egiteko, eta horren txostenak gatazka mailakatu bat dagoela ondorioztatu zuen.
Lan Ikuskaritzak errekerimendu bat egin zion Udalari 2023ko maiatzean, gatazkari buruzko prebentzio neurriak planifikatzeko eskatuz, baina 2024ko ekainera arte ez zen Udala langilearekin bildu.
Epaiak onartzen du Udalak ez zituela bete arrisku psikosozialen arloan dituen prebentzio betebeharrak, nahiz eta iraupen luzeko gatazkaren eta langilearen egoeraren berri izan, eta Udalaren egoera pasiboa izan zela ondorioztatzen du.
Bidelagun Fundazioak, Lan Osasuna sustatzeko ELA sindikatuak sortutako eta kasu honen zuzendaritza juridikoa eraman duen fundazioak, oso positibotzat jotzen du epai hau, administrazio publikoek langile publikoen arrisku psikosozialen prebentzioan duten erantzukizuna onartzen baitu.