AHTren obretan beste langile bat hil da

2018/10/03
Lan-istripu hilgarri berri bat gertatu da Zizurkilen, AHTren obretan, non langileak, Tecnolevers and Mobile Cranes, S.L. Errioxako enpresa batentzat lanean eta Comercial Urratz enpresak azpikontratatuta (aldi berean azken hau UTE Adunak azpikontratatutakoa, eta azken hau Euskal Trenbide Sareak azpikontratatua), hormigoi-makinarekin lanean zebilela bizitza galdu du.

Istripuari dagokionean, esan beharra dago prekarietatea eta segurtasun falta zela nagusi; are gehiago, horrekin lotutako hainbat betegabetze salatu ditu ELAk Eusko Jaurlaritzako Lan Sailaren aurrean behin eta berriz.

Dagoeeneko bederatzi pertsona dira AHTren obrak hasi zirenetik azpiegitura erraldoi honen eraikuntza lanetan hildakoak, hauetatik bi azken hilabetean; guztiak azpikontratatutako enpresetan. Egoera larri honen aurrean, langileen osasuna eta bizitzaren kontura kostuak aurreztea beste helbururik ez duen era honetako gehiegizko jardueren kontrako berehalako neurri publikoak exijitzen ditu ELAk.

Azkenik, ELAk bere babes eta elkartasuna adierazi nahi die hildakoaren senitarteko eta hurbilekoei, eta urtero 50 pertsona baino gehiagoren heriotza eragiten duen sarraski honen aurka mobilizatzeko deia luzatzen du.