LAN HERIOTZA

Erandioko Reformas Maver enpresako langilearen lan heriotza salatzeko protesta ekintza

2023/10/26
ELAk protesta ekintza egin du Erandion, Reformas Maver enpresan izandako lan heriotza salatzeko. Hildako langileak 32 urte zituen, eta urriaren 9an 4 metrotik erori zen amianto plakak kentzen zebilela. Langilea larri eraman zuten ospitalera, baina tamalez hil egin da. Jada 42 lagun hil dira lanean Hego Euskal Herrian lan istripuz.

Reformas Maver amiantoa kentzeko RERA erregistroan sartuta dago, baina zehazteke da lan delegaritzara bideratu beharreko dokumentuak eta lan planak egoki zituzten ala ez. Argi dagoena da lan plan hoiek ez direla behar den bezala jarraitu, langilea segurtasun arauak bete gabe, lotu barik zegoelako.

Aurten hiru behargin hil dira altueratik erorita. Eraikuntza eta erreforma sektoreetan diru etekinak hobetze aldera, prebentzioa izaten da gutxien inbertitzen den arloa eta horrek eragin zuzena du langileon segurtasunean. Lan erritmo bortitzak izaten dituzte epeak betetzeko, eta askotan norbere burua babesteko ekipoetan gabeziak daude, lan istripu edo lan gaixotasunak pairatzeko probabilitatea areagotuz.

Prekaritatearen ondorioz, lan baldintzak urtetik urtera geroz eta okerragoak dira. Ez da prebentzio edo lan segurtasunean nahikorik inbertitzen, ez zaio arriskuen informazio eta formakuntzari duen garrantzia ematen, eta enpresek etekinak lehenesten dituzte langileon segurtasun eta osasunaren aurretik. Gogor jarraituko du ELAk langileen bizitzaren kontrako egoera prekarioak salatzen.