Ercros-ek kalte-ordaina eman beharko dio langile-ohi bati, bere gaixotasuna amiantoak eragin zuelako

2018/09/25
Duela egun gutxi ELAk lortutako akordioaren ondorioz, Ercros, S.A. enpresak 65.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio langile-ohi bati, laneko jardueretan emandako amiantoarekiko esposizioak eragin zion asbestosiaren kalte-galeren ordainean.

Emakumeak Errenteriako Productos Aislantes, S.A. enpresan egin zuen lan hamabi urtez, bere eginkizun nagusia amianto-zuntzez egindako auto-baterien estalkiak lixatzea izan zelarik. Gerora, Ercros haren jabe egin ondoren, beste 10 urtez jarraitu zuen bertan kalitate-kontroleko zereginetan, 1982an enpresatik atera zen arte. 2015ean lanbide-gaixotasunak eragindako ezintasun iraunkor osoa aitortu zitzaion, eta 2018ko otsailean EAEko Auzitegi Nagusiak prestazio ekonomiko guztiak % 30ean osatzera kondenatu zuen enpresa segurtasun neurri gabeziaren ondorioz, erreklamazio berri honi bidea eginez.

Akordio honekin 5 urte luze iraun duen prozedura juridiko-administratibo sorta itxi da. Arduradun diren enpresei amiantoarekin lotura duten prozedura hauek luzatzeari uko egin diezaiotela eskatzen die ELAk, biktima eta senitartekoen sufrimendua eta babesgabetasuna areagotu baizik ez dutelako egiten.

Azkenik, lakra sozial honen aurkako borrokan jarraitzeko deia luzatu nahi die ELAk kaltetutako pertsona guztiei, EAE nahiz Nafarroako administrazioen aurrean mineral kantzerigenoaren biktimen kalteak aitortu eta ordaintzeko konpentsazio-sistema propio bat eratzeko behar larria berresten duen aldi berean.