LAN HERIOTZA

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langile bat zendu da auto istripuz Arabako Azazetako portuan

2025/09/02
Irailaren 1ean Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langile bat zendu zen Arabako Azazetako portuan, auto istripuan. Serveo enpresako behin-behineko langilea zen, eta lanetik bueltan zela izan zuen istripua. Irailaren 4ean elkarretaratzea egingo da Gasteizen lan heriotza berri hau salatzeko.

ELAk Arabako etxez etxeko sektorean prekarietatea borrokatzeko neurriak exijitu dizkie beti zerbitzuaren ardura duten enpresei: zerbitzu eta lan antolakuntza egokiagoa eta lan kontratu duinak, besteak beste.

2025an 38 langile hil dira Hego Euskal Herrian lanean. Prekarietatea, azpikontratazioa, behin-behinekotasuna, lan erritmoak eta segurtasun neurri falta daude lan heriotzen atzean. Izan ere, enpresek produktibitatea eta etekin ekonomikoak lehenesten dituzte guztiaren gainetik, eta, ondorioz, laneko segurtasuna eta osasuna erabat baztertzen dira.

ELAk, egoera kezkagarri hori salatzeko, Enpresa Batzordeak deitutako kontzentrazioa babesten du. Elkarretaratzea irailaren 4ean izango da Gasteizen, 11:30tan, Correos plazan.