Eusko Jaurlaritzari langileak kutsatzeak bost axola dio

2021/03/26
Urria eta urtarrila artean Koronabirusaren agerraldien %70 eta %79tik gora lan-eremuan eman dira eta, hala ere, Jaurlaritzak ez du inongo neurririk hartzen eremu horretan. Jaurlaritzarentzat ekonomia nola edo hala mantentzeko ordainetan langileak eta beren senideak kutsatzea pagatu beharreko prezioa da.

Eusko Jaurlaritzak ez du kutsatzeen jatorriari buruzko informazio gardenik eskaintzen, orain arte emandako informazioa erabat partziala da. Aurreko astean EH-Bilduk eskatuta lehen aldiz Jaurlaritzak agerraldien jatorriari buruzko informazioa eman zuen. Partziala izanik ere, informazio horren arabera urria eta urtarrila artean agerraldien %70 eta %79tik gora lantokietan eman dira (eskoletan, zaintza-esparruan, osasun alorrean eta bestelako lantokietan). Lantoki arruntetan agerraldien %18 eta %33 artean eman dira. Datuetan ez ditugu gehitu kutsatze mixtoak, lantoki eta eremu sozialen artean emandakoak.

Jaurlaritzak emandako informazio objektibo bakarra hau izan da egun arte, baina ez du inongo neurririk hartu lantokietan kutsatzeak kontrolatzeko, herritarron eskubide zibil eta politikoak mugatu dituzte, baina ez dute inongo neurririk hartu langileon bizitza bermatzeko. Are gehiago, asteazkeneko Legebiltzarreko Osasun Batzordean Sailburuak ez zuen honi buruzko erantzunik ere eman EH-Bilduk egindako galderen ondoren.

Koronabirusaren elkar-bizitzeko erabakiak porrot egin du: kutsatze errepikakorrak ekarri ditu, herritarron askatasun zibil eta politikoak etengabe murriztea ekarri du eta heriotzak eragin ditu. Jaurlaritza patronalaren esanetara egon da lantokiak edonola irekita mantentzeko eta erabaki hau ekonomikoki ere porrot hutsa izan da. Koronabirusa erauztearen alde egin duten herrialdeek neurri zorrotz eta laburrak hartu dituzte, behar izan denean ekonomia ere geldiarazi dute, ondorioa argia izan da, kutsatze gutxiago izan dituzte, bizitza normalagoa egin ahal izan dute eta ekonomian eragin gutxiago izan du.

Pandemia honetan langileoi eman diguten balio bakarra sistema produktiboa elikatzen jarraitu genezakeen neurrian jaso dugu, langileon bestelako eskubide politiko eta zibilak edo behar emozionalak mugatzeko inongo mugarik ez da izan. Txertaketa masiboen eragina neurtu arte ELAk Jaurlaritzari galdegiten dio baliabideak ezar ditzala lantokietan kutsatzeak erabat ekiditeko, gutxienez beste edozein esparrutan Koronabirusaren aurkako neurriak betearazteko erabiltzen diren neurrian, eta langileon bizitzari balioa eman diezaiola.