LAN HERIOTZA

Excavaciones Mendiola enpresako behargin bat hil da Gasteizen, hondeamakina batek harrapatuta

2025/01/07
51 urteko langile bat hil da gaur goizean Gasteizen, Alaves-Baskonia akademiaren eraikuntza lanetan. Oraindik ikertzen ari diren arrazoiengatik, langilea hondeamakina batek harrapatuta hil da. Zikotz enpresak azpikontratatutako Excavaciones Mendiola enpresarentzat lan egiten zuen gizonak.

Zoritxarrez, hau da 2025eko laneko lehen heriotza. 2024. urtean 66 pertsona hil ziren lan istripuz, 11 eraikuntzaren sektorean. ELAk salatu du azpikontratazio sare amaigabea sektorearen prekaritatearen ageriko ezaugarria dela. Prekaritate horrek dakar kontrolik eza eta, beraz, segurtasun legeria ez betetzea. ELAk exijitu du enpresek utz diezaiotela irabaziak lehenesteari langileen osasunaren eta segurtasunaren gainetik, eta administrazioei eskatu die erantzukizunak har ditzatela.

Gertaera salatzeko eta langilearen familiari eta lagunei babesa emateko, ELAk elkarretaratzea egingo du ostiral honetan, urtarrilaren 10ean, eguerdiko 12:00etan Gasteizko Correosen aurrean.