LANEKO OSASUN ETA SEGURTASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA
Gaixotasunengatik eta lan-istripuengatik urtean 70.000 biktima eragiten dituen bitartean, patronalak bakarrik absentismoaz hitz egin nahi du

Iaz, 2024an, gutxienez 66 pertsona hil ziren Hego Euskal Herrian lan-istripu baten ondorioz. Beste 64.040 pertsonak istripua izan zuten, eta 4.902 lanean gaixotu ziren."Istripuen erdiak kontratuaren lehen bi hilabeteetan gertatzen dira – gogorarazi du Pello Igeregi ELAko Lan Osasuneko arduradunak –, eta kontratuen % 56k hilabete baino gutxiago irauten dute. Eta azken lan-erreformek hori ez dute aldatu. Patronalak heriotzak ekartzen dituen lan baldintzak inposatzen ditu, osasungintza publikoa pribatizatzea bultzatzen du eta, gainera, langileak erruduntzen ditu lanik egin nahi ez omen dutelako”.
Zentzu horretan, Igeregik salatu duenez, "langile klaseak patronal kriminal eta sadiko bat pairatzen du, langileen bizitzak erasotzen dituelako, eta, gainera, eta bere biktimak kriminalizatzen ditu; 70.000 langileren osasuna lanaren ondorioz erasana izan den bitartean absentismoaz hitz egitea erabat iraingarria da. Enpresen utzikeriak 70.000 kaltetu zuzen eragiten dituenean, hori da eztabaida? "
Bilboko ekitaldia bukatu da ’La avaricia empresarial puede enfermarte de por vida. Kapitalari aurre egin, osasuna zaindu!’ lelopean egindako elkarretaratzearekin. Bertan, ELAk gogorarazi du estatistiketan agertzen diren zenbakien atzean Jakes, Iratxe eta Sara bezalako pertsonen errealitatea ezkutatzen dela. Hiru pertsona horiek euren esperientzia gogorrak kontatu dituzte Bilbon, ELAren ehunka militanteren aurrean.
Jakesek 2021. urtean lan istripu oso larri bat izan zuen Idiazabalgo (Gipuzkoa) Lau Lagun enpresan lanean ari zela. Orduan 35 urte zituen, eta hanka galdu zuen. Istripua hainbat faktoreren eraginez gertatu zen: langilearen formazio falta prebentzio gaietan, laneko prozedura desegokia eta enpresak aurrez antzeman ez zuen laneko ekipoaren akats elektronikoa, besteak beste.
Sarak Burlatako (Nafarroa) Mercadonaren dendan egiten du lan. Bere dendako koordinatzailearekin arazo ugari izan zituen: Laneko ikuskariak errekonozitu zuen egoera hostila eta humiliagarria bizi zutela koordinatzailearen partetik eta eurekiko ekintza laidogarriak eta larderiazkoak zituela, euren erresistentzia psikologikoa gutxitze aldera. Honen aurrean neurriak hartu ez izanagatik isuna jarri zitzaion enpresari.
Iratxek 2015 urtean istripu bat izan zuen Leroy Merlin enpresan lan egiten zuela. Eskuzko traspaleta batekin zama eta altuera handiko karga bat mugitzen ari zela izan zuen istripua eta belaunean lesio larriak eragin zizkion. Garrantzitsua da aipatzea lan horren arriskuen ebaluaketa ez zegoela eginda; beste modu batera esanda: lanpostuaren arriskuen ebaluaketak ez zuen ez lana bera, ez istripua izan zuen tokia ezta arriskua bera ere aurreikusten. Horri gehitu behar zaio langilea bakarrik lanean ari zela aurrez zehaztu gabe zegoen lan bat egiten.
ELAk salatu du enpresek ez dutela interesik ez eta eraginkortasunik prebentzioaren arloan, eta hori funtsezkoa dela istripuak eta gaixotasunak saihesteko. Enpresek laneko arriskuen prebentzioa kostu bat gehiago bezala ikusten dute, ez betebehar arauemaile bezala eta are gutxiago babesteko konpromiso moral bezala, kritikatu du. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontu-zuzkidura ez da nahikoa araudia betetzen dela kontrolatzeko eta bermatzeko. ELAk nabarmendu Europako bataz bestekoarekin alderatuta, EAEn ikuskaritzako teknikarien erdia baino gutxiago dagoela.
Era berean, ELAk adierazi du patronalak eta gobernuek garatzen dituzten politikak direla laneko istripuen benetako erantzuleak. Zuzenean edo zeharka, ehunka langileren istripuak eta gaixotasunak eragiten dituzte, ikuskapenetara eta araudia betetzera baliabide nahikorik bideratzen ez dutelako. ELAk Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna salatzen jarraituko du enpresetako kontrol-mailak handitu arte; horretarako, ezinbestekoa da lan-ikuskaritzako langileen kopurua handitzea Europako batez bestekoarekin parekatzeko: EAEn, egungo egitura bikoiztu egin beharko litzateke, 120 arte, eta Nafarroan hirukoiztu, 45 arte.
Bitartean, komunikabideek eta Confebaskeko presidenteak “absentismo tasa altuak” aipatu dituzte gure lurraldean, “enpresentzako arazoa” dena, diotenez. ELAren ustez, langile klasearen aurkako kriminalizazio kanpaina bat da. Gobernuek eta bereziki enpresek langile klaseari leporatu nahi diote lanaren ondorioz jasaten dituen istripu eta gaixotasunen erantzukizuna.