LAN HERIOTZA
Garbiketako langile baten heriotza salatzeko elkarretaratzea Abandoko geltokian
Azaroaren 9an, G.V.M. 55 urteko langile autonomoa hil zen, Bilboko Abandoko geltokian kokatutako La Parada Jatetxeko beiratea garbitzen ari zela. Horrenbestez, Hego Euskal Herrian 11 pertsona hil dira altueran izandako erorikoen ondorioz; beraz, aurten 51 pertsona hil dira lanpostuan. ELAk elkarretaratzea egin du lan heriotza berri hori salatzeko.
Lan heriotza baten aurrean gaude, oinarrizko babes- eta segurtasun-elementuekin erraz saihestu zitekeena. Enpresa nagusien, enpresa enplegatzaileen eta zenbait zerbitzuren azpikontratazio-kateen gainbegiratze falta dira heriotza kopuru handi baten atzean dauden faktoreak.
ELAk berresten du agenda politikoari lehentasuna eman behar zaiola egoera onartezin horri aurre egin eta beharrezko neurriak hartzeko. Eusko Jaurlaritzak bitarteko nahikoak jarri behar ditu enpresetan lan arriskuen prebentzioaren arloko ez-betetzeak zaintzeko eta, hala badagokio, jazartzeko.
Era berean, ziurtatu behar da enpresarientzat benetako lehentasuna izango dela langileen osasuna eta segurtasuna babestea. Hau da, Prebentzio Legea betetzea.