LAN HERIOTZA

Garraiolari bat hil da Santurtziko Porturako bidean

2024/01/09
Cisternas de Alsasua enpresako langilea zen. Kamioiak norabidea galdu du eta kabinak su hartu du.

Garraiolari bat hil da goizean bere kamioiaren kontrola galdu eta hormaren kontra jo duenean. Santurtziko Portura bidean izan da istripua, Mamariga tuneletik ateratzerakoan eta kolpearen ondorioz, kamioiaren kabinak su hartu du eta langilea bertan zendu da. Cisternas de Alsasua enpresako langilea zan.

Datu gehiago jasotzeko lanean ari da sindikatua ez bait dago argi istripuaren nondik norakoak. 2024. urte berri honetako lehen lan istripu hilgarria izan da. Aurreko urtean ordea, gutxienez 50 langile hil ziren lan istripu baten ondorioz. Garraiolariek pairatzen dituzten lan istripuak gehienetan trafiko istripu moduan erregistratzen dira, langile hauek pairatzen dituzten lan arriskuak alboratuz: lan erritmo bortitzak, lan ordu bukaezinak, isolamendua, etabar.

Bizkaiko Merkantzien Garraioko Hitzarmena betetzen ez duten Estatu mailako enpresen kontratazioak mozkinak murrizten ditu, eta enpresek horiek berreskuratzen saiatzen dira, lanaldi nekagarriak egitera behartuz eta, laburbilduz, salgaien garraioaren sektoreko lan baldintzak prekarizatuz. Prekaritateak gogor jotzen du esparru honetan ere garraiolarien lan baldintzak eta osasuna okertuz.

Prekaritatea eta istripu hilgarri berri hau salatzeko, ELAk elkarretaratzea deituko du bihar urtarrilak 10, arratsaldeko 4etan, Aparcavisako errotonda parean, Ferrirako sarreran. ELAk gizarteari elkarretaratzean parte hartzea zabaltzen dio eta ezbeharren aurrean ozen salatzera animatzen dio.