Gipuzkoako eraikuntzako langile bat hil da Alemanian

2018/09/12
ELAk jakin ahal izan duenez, joan den Irailaren 3an lan-istripu hilgarria gertatu zen Merkendorf-en (Alemania), non langileak (L.M.P.), Eraiki Prest-entzat eta Enova Construction CVBA-k azpikontratatuta, eguzki panelak jartzeko lanetan zebilela altueratik erori eta bizitza galdu zuen.

Istripuari dagokionean, erabateko prekarietate eta segurtasun neurri faltako egoeran gertatu delarik, honekin lotutako hainbat betegabetze salatu ditu ELAk Eusko Jaurlaritzako Lan Sailaren aurrean.

Gaur 47 pertsona dira Euskal Herrian 2018an beraien lanpostuan hildako pertsonak, hauetatik 20 azken bi hilabeteetan, eta heren bat azpikontratatutako enpresetan. Egoera larri honen aurrean, langileen osasuna eta bizitzaren kontura kostuak aurreztea beste helbururik ez duen era honetako gehiegizko jardueren kontrako berehalako neurri publikoak exijitzen ditu ELAk.

Azkenik, ELAk bere babes eta elkartasuna adierazi nahi die hildakoaren senitarteko eta hurbilekoei, eta urtero 50 pertsona baino gehiagoren heriotza eragiten duen lakra honen aurka mobilizatzeko deia luzatzen du.