Heriotzezko lan-istripu berria Bilboko Portuan

2018/06/13
ELAk jakin duenez, heriotzazko lan-istripu berri bat gertatu da Bizkaian: Bilboko portuan beharrean ari zen Viuda de Sainz enpresako 41 urteko langile bat zendu da. Antza denez, kamioi batek harrapatu du langilea, Punta Lucero harrobi zaharraren estabilizazio lanetan. Azken honekin, dagoeneko 24 lirateke Euskal Herrian lanean bizitza galdu duten pertsonak.

Hildakoaren senitarteko eta lagunei elkartasun eta babes zintzoena adierazteaz harago, egun langileek jasaten dituzten prekarietate egoera salatu nahiko genuke. Prekarietate hau, lan erritmo jasanezin, jardunaldi amaigabe, eta sektoreko hitzarmen nahiz prebentzio araudegiaren betegabetzeetan bihurtu ohi da.

Egoeraren larritasuna ikusirik, prebentzio legediaren betegabetzeen kontrol eta jarraipen neurriak berehalakoan ezarri ditzala exijitzen dio ELAk Eusko Jaurlaritzari. Era berean, lantokietan antolatu eta urtean 50etik gora lagunen bizitza aurretik eramaten duen bidegabekeriaren aurka borrokatzeko deia luzatzen du.