LANEKO HERIOTZA
Hernanin kamioilari bat hil dela salatu du ELAk

Joan den astelehenean, apirilak 14, Santurtziko Transportes Petrolíferos Coordinados enpresako langile batek lan-istripua izan zuen Hernaniko gasolindegi batean. 57 urteko gizonak esperientzia handia zuen erregaia kargatzen eta garraiatzen; TPC da REPSOLen ohiko garraio enpresa. 2025ean 18 pertsona hil dira lan istripuz Hego Euskal Herrian.
ELAk salatu du Administrazioak azken urteotan izan duen utzikeriaren ondorioz garraiolarien eta gidarien lan baldintzek okerrera egin dutela. Azpimarratu du, halaber, garraiolari profesionalek jasaten dituzten lan istripuak sektorearen deserregulazioaren eta eskubide faltaren ondorio zuzena direla (enpresa kargatzaileen presioak, ordutegi estuak, gehiegizko pisua duten kargak, zerbitzuengatik prezio baxuak, lanaldi luzeak, garraiolariari garraioa deskargatzeko eskatzea, duintasunez atseden hartzeko ezintasuna, etab.).
Gainera, ELAk azaldu duenez azpikontratazioa, gehiegikeriaz egindako praktika bat, plantillen lan baldintzen narriaduraren kontura etekinak handitzea bilatzen duena, oso ohikoa da sektore horretan. Egoera horiek zaildu eta oztopatu egiten dute garraioaren jarduera duina eta segurua izatea, eta profesionalen bizitza arriskuan jartzen dute.
ELAk babesa eta elkartasuna adierazi die senideei eta ingurukoei, prebentzioaren arloan gertatutako ez-betetzeak argitzeko ikerketa sakona egitea eskatu du.