LAN HERIOTZA
Hil egin da urriaren 17an Viuda de Sainz enpresan istripua izan zuen langilea

Istripua urriaren 17an gertatu zen, L.M.B.A. 52 urteko langileak begi batean kolpea hartu zuenean, oraindik argitzeke dauden arrazoiengatik, hondeamakina baten motorra konpontzen ari zela. Viuda de Sainz eraikuntza enpresak berak Abanton eta Zierbenan, El Campillo industrialdean, dituen tailerretan gertatu zen ezbeharra. Gurutzetako Ospitalera eraman zuten berehala, baina urriaren 24an zendu da.
Hego Euskal Herriko lan istripu eta lan heriotza kopuru handia arbuiatzen du ELAk, bereziki, eraikuntzaren sektorean; prebentzioaren arloan legeria propioa zorrotzagoa izan arren, urtez urte heriotzen kopuru onartezinak daude, hala nola istripu eta gaixotasun profesionalenak. Osalanek emandako datuen arabera, eraikuntzaren sektorean 2023. urtean lan istripuen intzidentzia tasa handiena izan zuen EAE mailan.
ELAk salatu du enpresek ez dituztela betetzen prebentzio- eta babes-neurri oinarrizkoenak. Era berean, ELAk adierazi du erakundeak ez direla eraginkorrak, eta Eusko Jaurlaritzari exijitu dio bere agendan lehentasuna eman diezaiola gai horri, laneko arriskuen prebentzioaren arloan legea ez betetzeari eraginkortasunez aurre egiteko eta berriro ez gertatzeko beharrezko baliabideak emanez.
ELAk doluminak eman dizkie hildakoaren familiari eta lagunei. Gainera, elkarretaratzea egingo du urriaren 31n 11:00etan ASCOBI patronalaren aurrean.