Ikaztegietako (Gipuzkoa) lan heriotza salatzeko kontzentrazioa

2022/01/14
Urtarrilaren 11n langile bat hil zen Hertell enpresak Ikaztegietan duen lantokian. Langileak 23 urte zituen, eta andamiotik erori zen. Lan heriotza hau salatzeko ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek protesta ekintza egin dute Ikaztegietan.

Dagoeneko hiru langile hil dira Euskal Herrian 2022. urtean, hirurak lurrera erorita. ELAk elkartasuna adierazi nahi die hildako langilearen senide eta lagunei. Sindikatuak salatu du langileek jasaten duten lan prekaritatea gero eta handiagoa dela: lan-erritmo jasanezinak, lanaldi amaigabeak eta sektoreko hitzarmenen eta prebentzioaren araudiaren eguneroko ez betetzeak.

Egoeraren larritasuna ikusita, ELAk Eusko Jaurlaritzari eta patronalari exijitu die berehala ezar ditzatela prebentzio legeriaren ez betetzeak kontrolatzeko eta jarraipena egiteko neurriak. Ezinbestekoa da osasuna eta bizitza erdigunean jarriko dituzten erabakiak hartzea, urtero 50 langile baino gehiago hil ez daitezen.