Irungo lan istripu hilgarria salatzeko elkarretaratzea izan da Irungo Plásticos Alai enpresaren aurrean

2017/07/10
Iragan den astean Irungo Plásticos Alai enpresan lanean ari zela saku batzuk gainera erorita ito zen langilearen heriotza salatzeko kontzentrazioa egin dute gaur Irunen, ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek. Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea lelopean kontzentrazioa egin dute.

Iragan den astean Irungo Plásticos Alai enpresan gertaturiko lan istripu hilgarria salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur enpresaren aurrean ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek, lan-merkatuan langileek bizi duten prekarietatea salatzeko. Gogoratu, uztailaren 7an gertatu zela istripu hilgarria Irungo Plásticos Alai enpresan. Langilea goizaldean hil zen, istripuaren unean bakarrik zegoela saku batzuk gainera erorita itota. Egoera oso kezkagarria da: aurten Hego Euskal Herrian 37 langile hil dira, dagoeneko, istripuz.

ELAk salatu ohi duenez, enpresetan eta lantokietan dagoen prekarietate handia izaten da lan-istripu gehienen azken arrazoia, eta oraingo honetan ere hala izan da. ELAk azken urteotan enpresa horretako prebentzio-neurririk eza salatu du, aurreko urteetan ere langileek istripuak izan dituzte-eta. ELAren ustez istripuak lan-baldintzak prekarizatzearen ondorio zuzena dira.