Bermeon itsasoan lanean ari zela gertatu zen lan istripu hilgarria salatu du ELAk

2018/01/29
ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea deitu dute gaur, urtarrilak 29, Bermeoko portuan joan zen astean itsasoan gertatu zen lan istripu hilgarria salatzeko. Hildakoa Atunsa enpresako langilea zen. 2018.urtea hasi zenetik lau hildako izan dira Hego Euskal Herrian.

ELAk salatu du, batetik, arrantza sektorean dagoen prekarietatea: Lan Arriskuen Prebentziorako Legea enpresa askotan urratu egiten da, baina sektore honetan prebentzio aldetik utzikeria are handiagoa izan ohi da, Administrazioak hainbat kanpaina egiten saiatu diren arren. Bestalde, nabarmendu beharra dago enpresak gertakariei buruz ez duela bat ere gardentasunik izan; istripuaren inguruan ez dago informazio argirik.