LAN OSASUN ETA SEGURTASUNA

Kontzentrazioa alderdi politikoei eskatzeko 120 ikuskari izan daitezen plantillan

2024/04/15
EAEn 54 ikuskari edo inspektoreorde ari dira lanean, ez da Europako batez besteko ikuskari kopurura iristen. Ikuskari kopuruak lan osasunarekin alderdi politikoek duten konpromisoa erakusten du, berauek baitira prebentzio neurriak betearazteko agintari bakarrak. Hau dela-eta ELAk bilkura egin du Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean.

ELAren erregistroen arabera, 2023an 39 langilek galdu zuten bizia EAEn lan istripuen ondorioz. Ez dago lan gaixotasunen ondorioz hildako langile kopuruaren erregistro fidagarririk, baina Nazioarteko Lanaren Erakundearen arabera lanaren ondorioz hiltzen diren langileen %13k soilik galtzen du bizia lan-istripuen ondorioz, hau da, 2023an 300 bat langilek galdu zuten bizia lan gaixotasunen ondorioz. 2024an, dagoeneko 12 langilek galdu du bizia lan istripuetan.

Kopuruak izugarriak izan arren ez da lehentasun politikoa. Aurrekontu publikoen %0,01 erabiltzen da lan osasuneko prebentziorako. 2021ean, EAEn 11 erailketa delitu egon ziren, baina kaleko segurtasun ezak askoz ere kezka politiko eta mediatiko handiagoa eragiten du, Kapitalak eragindako hildakoak albokalteak baitira enpresari eta arduradun politikoentzat.

Langileek lanean bizitza galtzea ez da zori kontua, errudunak eta erantzuleak daude, lanean hiltzea ez da zorte txarraren ondorioa. Enpresek eta gobernuek lan-prekarietatea eragiten dute eta ez dute baliabide nahikorik bideratzen prebentziora. Horregatik dio ELAk hiltzera kondenatzen gaituztela.

Aurtengo Apirilaren 28a, Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko eguna, testuinguru politiko berezi batean suertatu da, EAEko hauteskunde politikoak gertatu eta astebetera hain zuzen. Horregatik ELAk eskakizun argia egiten die hauteskundeetan parte hartuko duten alderdi politiko guztiei, hauteskundeak baino lehen langileen osasunaren aldeko konpromiso argia erakutsi dezatela eta, ondorioz, EAEko lan ikuskari kopurua 120ra igo dezatela, egungo 54 beharrean.

Gaizki burututako beste eskuduntza batzuekin bezala, lan ikuskaritzaren eskuduntza ez zitzaion erabat eskualdatu Eusko Jaurlaritzari eta, ondorioz, ikuskari kopurua ezin da handitu Espainiako Gobernuarekin adostu ezean eta Estatu mailako hautaketa prozesuak izugarri zailtzen du EAEko ikuskari lanpostuak bete ahal izatea. ELAk lan ikuskari kopurua handitzea alderdi guztientzat erabateko lehentasuna izatea exijitzen du. Europako batez besteko ikuskari kopurua lortzea besterik ez du eskatzen ELAk. Ikuskari kopurua handitu ezean, argi geratuko da alderdi politiko ezberdinen konplizitatea enpresari esplotatzaileekin.

Espainiako Gobernuarekin eskuduntza eta baliabideak eztabaidatu bitartean, ELAk ikuskaritzari laguntzeko 50 langilez osatutako unitate berezi bat osatzea exijitzen du prebentzio neurriak betetzen direla bermatzeko eta lan osasunaren aurkako jardunak ikertzeko. Ez dago lan istripu eta gaixotasun profesionalek adina heriotza eta zauritu eragiten dituen kausa ez naturalik, eta ELAren eskaera erabat arrazoizkoa da, are bestelako delitu batzuentzat erabiltzen diren baliabideak kontuan izanik.

Adierazitako egoera salatzeko eta hauteskunde politikoetan EAEko alderdi politikoek konpromiso zehatzak hartu ditzaten exijitzeko ELAk kontzentrazioa egin du Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean. Apirilaren 26an, Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko Egunaren karietaran, ekitaldia egingo du ELAk Iruñean, Labrit pilotalekuan. Ondoren, bertan bilduko diren ehunka militanteek manifestazioa egingo dute, hain zuzen ere, ikuskarien eskaera eta lan osasunerako neurriak eskatzeko, besteak beste.