Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak proposatu du CIE Automotivek eta Sidenor Aceros Especialesek %50eko errekargua ordain dezatela amiantoaren eraginez hil zen Patricio Echeverriako langile ohi baten alargunak jasotzen duen pentsioan

2021/03/26
Aurrez, EAEko Goi-Auzitegiak Gaixotasun Profesionalaren ondorioz Ezintasun Iraunkor Absolutua aitortu zion, eta ebatzi zuen Patricio Echeverriaren ondorengo enpresak zirela CIE AUTOMOTIVE eta SIDENOR ACEROS ESPECIALES, eta hartara, langileak amiantoaren eragina sufritu izanaren arduradun.

Hil zen langileak 24 urtez jardun zuen P.Echeverriaren Legazpiko lantegian, koilaragile gisa; altzairu urtua isurtzen zuen, baita koilarak konpondu eta berregin ere, hauek hondatzen zirenean. Donostiako Lan Arloko Lehen Auzitegiak, gero EAEko Goi-Auzitegiak berretsi zuen epaian, ebatzi zuen segurtasunik ezak amiantoaren eraginpean utzi zuela langilea.

Ondorio hau berresteko hildakoaren lankideen lekukotasuna aintzat hartu zuen: amiantozko zinta erabiltzen zen irristagailua babesteko; hau hondatzen zenean kendu eta konpondu egiten zen, egunean hainbat aldiz. Amiantoa erabiltzerakoan eta behar ahala ebakitzerakoan ez zen maskararik jartzen.

Behin langilea hilda, 2019ko abenduan, bere alargunak pentsioaren gaineko errekargua eskatu zuen. Prozedura honi buruz Lan Ikuskaritzak egin duen txostenean aipatzen dira segurtasun eta osasun arloan izan ziren irregulartasun larriak eta INSSi proposatzen zaio alargun-pentsioaren gaineko %50eko errekargua ezartzea, zeina CIE AUTOMOTIVE eta SIDENOR ACEROS ESPECIALES enpresek ordainduko duten.

Halaber, ohar honen bidez ELAk nabarmendu nahi du amiantoa zer nolako izurria izan den, lan munduan ondorio dramatikoak izan dituen benetako pandemia, XX. mendean enpresek eta administrazioek erabat gutxietsi izan baitute langileen segurtasun eta osasuna. Sindikatuak herri-erakundeei galdegiten die nahikoa baliabide jar dezatela langile-klasearen osasunerako eskubidea bermatze aldera, eta adierazi nahi du eutsi egingo diola lantokietatik produktu kantzerigenoak erauzteko bere borrokari.