Lan heriotza Gipuzkoan, urteko hirugarrena

Lehenik eta behin, ELAk hildakoaren senitarteko eta lagunei elkartasun eta babes zintzoena adierazi nahi die; sindikatuak bere egiten du momentu hauetan sentitzen ari diren samina. Bigarrenik, ELAren ustez garrantzitsua da honakoa nabarmentzea: langileak istripua izan zuen aparkalekua ez dago enpresan bertan; hau da, autoa enpresaren kanpoaldean dagoen aparkaleku publiko batean utzi beharra daukate langileek. Ez hori bakarrik, aparkalekura iristeko gurutzatu beharreko zebra-bidea, jakina da (baita enpresaren partetik ere) oso gaizki argiztatua dagoela eta puntu beltza dela. Hau horrela izanik, langileentzat lan-arriskua litzateke autoaren bila joatea eta ondorioz, argi ikusten da prebentzio-neurriak ez zirela existitzen.
Egoeraren larritasuna ikusirik, prebentzio legediaren betegabetzeen kontrol eta jarraipen neurriak berehalakoan ezarri ditzala exigitzen dio ELAk Eusko Jaurlaritzari, lantokietan antolatu eta urtean 50etik gora lagunen bizitza aurretik eramaten duen bidegabekeriaren aurka borrokatzeko deia luzatzen duen aldi berean. Borondate politikoa eta enpresarien behin-betiko konpromezua besterik ez dira behar lakra honekin amaitzeko, irabazi gosearen gainetik langileen osasuna eta segurtasuna jarriz.