Lan heriotza Ikaztegietan (Gipuzkoa), hirugarrena 2022an

2022/01/12
Atzo, urtarrilak 11, Ikaztegietako (Gipuzkoa) Hertell enpresan lan istripua izan zuen 23 urteko langilea hil egin da. Behargina aldamio batetik erori zen. Lan heriotza honekin dagoeneko 3 langile hil dira 2022an Euskal Herrian, lehena Gipuzkoan.

ELAk elkartasuna adierazi nahi die hildako langilearen senide eta lagunei. Sindikatuak salatu du langileek jasaten duten lan prekaritatea gero eta handiagoa dela: lan-erritmo jasanezinak, lanaldi amaigabeak eta sektoreko hitzarmenen eta prebentzioaren araudiaren eguneroko ez betetzeak.

Egoeraren larritasuna ikusita, ELAk Eusko Jaurlaritzari eta patronalari exijitu die berehala ezar ditzatela prebentzio legeriaren ez betetzeak kontrolatzeko eta jarraipena egiteko neurriak. Ezinbestekoa da osasuna eta bizitza erdigunean jarriko dituzten erabakiak hartzea, urtero 50 langile baino gehiago hil ez daitezen.