LAN HERIOTZAK
Lan-heriotzak saihesteko berehalako neurriak eskatzen ditu ELAk

ELAren iritziz, gertaera lazgarri hauek ez dira zoritxarraren ondorio, segurtasun neurri ezaren ondorio larriak baizik. Altuera eta mantentze lanetako arriskuak saihesteko neurriak aspalditik ezagunak diren arren, oraindik ere enpresariek ez dituzte behar adina ezartzen, denbora eta dirua inbertitzea eskatzen dutelako. Zergatik eta, denbora eta dirua inbertitzeak, berehalako etekin ekonomikoak murrizten dituelako. Hori da azken hamarkadan Nafarroan ematen ari den lan-ezbeharren gorakadaren arrazoi nagusia.
ELAk gogorarazi nahi du aurten honez gero 45 direla Hego Euskal Herrian lan-istripuz hildako pertsonak, horietako 8 Nafarroan, eta gehienak oinarrizko segurtasun-neurri egokiekin erraz ekidin zitezkeenak. Prebentzio legeak 30 urteko beteko dituen honetan, Nafarroako enpresetan laneko arriskuen prebentzioa ez da egiten, edo egiten bada, paper hutsean geratzen da, eta patronalak ez duelako oraindik ere araudegia betetzeko inongo asmorik agertzen.
Egoera honen aurrean, Nafarroako Gobernuaren utzikeria deitoratzen du ELAk. Azken urteetako lan-osasuneko politika ekonomikoa erabat ezeraginkorra den elkarrizketa sozialera indartzera bideratzen ari da, langileei arduraz jokatzeko deia egiten dien bitartean. Hemen ez dago ardura partekaturik, ez behintzat maila berean. Lan-ezbeharren ardura nagusia enpresari eta erakunde publikoena da.
Lan-heriotza gehiago ez gertatzeko berehalako neurriak eskatzen ditu ELAk. Horretarako beharrezkoa da, 2018an Parlamentuak onartutakoari jarraiki, lan-ikuskaritzaren eskumena berreskuratzea eta honen plantilla hirukoiztea, Europako batez bestekora berdinduz, Nafarroako enpresa eta lantokietan ematen diren segurtasun baldintzak behar bezala kontrolatzeko.