Lan heriotzak salatzeko bilkura Gasteizen

2022/01/21
ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek deituta protesta ekintza egin da SEA patronalak Gasteizen duen egoitzaren aurrean. 2022 urtea hasi zenetik lau langile hil dira Hego Euskal Herrian, horietako bi Araban.

Araban urteko lehen hildakoa eraikuntzaren sektoreko langile bat izan zen; altueratik erori eta zendu zen. Bigarrena basogintzako langilea zen; adar handi bat gainera erori zitzaion eta bertan hil zen.

Egoeraren larritasuna ikusirik, prebentzio legediaren betegabetzeen kontrol eta jarraipen neurriak berehalakoan ezarri ditzala exijitzen dio ELAk Eusko Jaurlaritzari, eta lantokietan antolatu eta urtean 50etik gora lagunen heriotza eragiten duen bidegabekeriaren aurka borrokatzeko deia luzatzen dugu. Borondate politikoa eta enpresarien behin betiko konpromisoa besterik ez dira behar lakra honekin amaitzeko, irabazien gainetik langileen osasuna eta segurtasuna jarriz.