COTRONIC (TELEFÓNICA)

Lan Ikuskaritzak Cotronic eta Telefónica zigortu ditu prebentzioaren arloan urraketengatik

2024/05/23
2023ko irailean gertatutako istripu batean Cotronic enpresako (Telefonicako enpresa azpikontratatua) langile bat larri zauritu zen Gabirian (Gipuzkoa), altueratik erorita. ELAk salaketa jarri zuen Lan Ikuskaritzan, eta honek ondorioztatu du Cotronic eta Telefónica enpresak direla lan-istripuaren erantzule zuzenak.

Frogatuta dago istripuaren kausa zuzena "prebentzio-neurrien jarraipen desegokian eta ezarritako prozedura eta jarraipena ez betetzean" oinarritzen dela, laneko ikuskariak istripuaren txostenean ezartzen duonez.

Ikuskapen-txostenak prebentzioaren arloko bi urraketa-gairi erreparatzen die nagusiki.

  • Gertatutako istripuan Cotronic enpresak ez zuen langile bakar bat ere izendatu prebentzio-baliabide gisa, eta, beraz, bereizi gabeko esleipen orokorrak ez du zentzurik, eta prebentzio-figura indargabetzen du.
  • Telefónica-ren altuerako lan-prozeduraren definizioan eta aplikazio praktikoan dauden akatsak azpimarratzen dira.

Horregatik guztiagatik, zehapen ekonomikoaz gain, Lan Ikuskaritzak zehazten du Cotronicek eta Telefónicak modu solidarioan erantzun behar diotela langileak eskubidea duen gizarte-segurantzako prestazioen errekarguari, %30eko portzentajean.

Gertaera horien ondorioz, langilea bajan dago, oso larri zauritu baitzen. Gertakariak ikusi zituen lankidea ere bajan dago, istripuaren ondorioz enpresak egindako presioengatik. Gainera, bi langileak kaleratu egin zituzten, enpresaren ustez, langileek prebentziozko ez-betetzeak egin zituztelako. Kaleratzeei erantzunez, Cotroniceko langileek 6 greba egun egin zituzten otsailean.

ELAk azpimarratu nahi du prekarietatea dagoela istripu horien atzean, lan-karga handien eraginpean dauden azpikontratetako langileak eta lanak ahalik eta azkarren amaitzeko jasaten duten presioa.