ELAk jarritako salaketaren ondoren Lan Ikuskaritzak MESA enpresa zigortu du lan-osasunaren araudia ez errespetatzeagatik

2018/09/14
ELAk jarritako salaketari esker, Lan Ikuskaritzak debekatu egin die Mungiako MESA lantegian behin-behineko kontratua duten langileei produktu kantzerigenoen manipulazioa. ELAk gogoratu du kontratazioaren behin-behinekotasunarekin batera joan ohi dela prebentziorako neurririk oinarrizkoenak ere bermatuta ez izatea.

Mungiako MESA enpresa Schneider Electric talde frantsesari dagokio, eta arlo askotariko (industria, energia...) goi- eta erdi-tentsioko ekipo elektrikoak diseinatzen eta ekoizten dihardu. Gaur egun enpresak 300 langiletik gora dauzka; eta zenbait urtetatik hona ELAren atal sindikalak lan-arriskuen prebentzioaren arloan jardun du, zenbaitetan enpresak batere laguntzarik eskaini gabe.

Alde horretatik, eta zuzendu beharreko egoerak oraindik zuzendu gabe badaude ere, Lan Ikuskaritzaren arestiko txostena jaso dugu: horretan, MESAri eskatzen zaio ez ditzala ABLE/ETTko langileak jarri arrisku bereziak dituzten postuetan, hala jasota baitago ekainaren 1eko 14/1994 Legean, aldi baterako laneko enpresak arautzen dituen legean, hain zuzen ere.

ELAk jarritako salaketaren ondorioz Ikuskaritzak egiaztatu du behin-behineko kontratua duten langileak aritu izan direla soldaduran, erretxina-injekzioan eta pinturan lanetan, non kutsagarri kimikoekiko esposizioa ezaguna den. Hori dela-eta, Ikuskaritzak administrazioko arau-hauste oso larria ezarri dio enpresari, eta agente kantzerigenoen esposizioa duten lanpostuetarako langileak lagatzeko kontratuak (ABLE/ETT) egitea debekatu dio. Enpresak, bere aldetik, MESAko ELAren Atal Sindikalari jakinarazi dio helegitea jartzeko asmoa duela, Lan Ikuskaritzaren ebazpenaren aurka.

Azpimarratu behar dugu MESAn, enpresa gehienetan bezala, lan-osasunaren arloko gabeziak hertsiki loturik daudela prekarietatearekin, behin-behinekotasunarekin eta azpikontratazioarekin. ELAk MESAko langileak zoriontzen ditu, lan-osasunaren arloan gogotik borrokatzeagatik. Enpresak jarri dituen eragozpenak eta guzti, lan- eta segurtasun-baldintzak hobetu ahal izan dira. Gorago aipaturiko ABLE/ETT kasuetatik aparte, negoziazio gehiago egin dira enpresarekin, eta haien ondorioz legean ezarritakoa betearaztea lortu dugu: armairu bikoitzak jarri, lan-orduetan garbiketa pertsonalerako hamar minutu eman, eta beste hainbat hobekuntza, enpresak nahitaez onartu behar izan dituenak.