Lan istripuen erdia kontratua sinatu eta lehenengo bi hilabetetan gertatzen direla salatu dute ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek Bilbon

2018/02/08
ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek deituta, ehunka lagunek parte hartu dute Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, azken egunotako lan istripu hilgarriak salatzeko egindako ekitaldian. Bertan, iragan astean Bizkaian hildako lau langileren senitartekoei elkartasuna adierazi diete. Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiak ere parte hartu du. Muñozek “utzikeria politiko etsigarria” salatu du. Bere esanetan, "Lan Ikuskaritzek eta Osalanek ez dute baliabide nahikorik lan istripuei aurre egiteko".

Hona hemen Muñozek azpimarratu duena:

a) Azken urteotan istripuen ondorioz baja hartu duten langileen kopuruak gora egin du (2017an, 1000 langiletik 38k baja hartu zuten),

b) Lan istripuen erdiak lehenengo bi hilabetetan gertatzen dira,

c) Lan kontratuen erdiak hilabeteko iraupena baino gutxiago dute.