Lan-istripu hilgarri berria Basauriko Congelados Acenomarren

2021/05/13
Maiatzaren 13ko goizean beste lan-istripu hilgarri bat gertatu da Congelados Acenomar enpresan, Basauriko Arteagagoiti auzoan. Enpresak 30 langile inguru ditu, eta mota guztietako elikagai izoztuak banatzen ditu. Hildakoa mantentze-lanetako azpikontrata bateko langilea da, eta, oraindik argitu ez diren arrazoiengatik, enpresako teilatutik erori da, konponketa lanak egiten ari zela.

Heriotza honekin, Hego Euskal Herrian lanean gertatutako heriotzak 23 dira dagoeneko, horietatik 11 Bizkaian. Iaz 70 pertsona hil ziren lanean; aurten, tamalez, oso antzeko joerari jarraitzen ari zaio. ELAk elkartasuna eta laguntza adierazi nahi die bere senideei, lagunei eta lankideei.

Era berean, ELAk salatzen du administrazio publikoek ez dutela lanik egin gaitz hori behingoz geldiarazteko. Ez dira behar adina neurri hartzen ari ezbehar-tasa murrizteko. Langileen bizitzak ez du ezer balio, prebentzio-zerbitzuak ez dira nahikoak, eta prebentzioari buruzko legea betetzen ez bada, zehapenak oso txikiak dira.

Gainera, lan-baldintzen prekarietatea eta azpikontratazio-tasa handia, kasu honetan ere ikusten dugun bezala, zuzenean lotuta daude arazo larri horren jatorriarekin. Botere legegileek egoera hori alda dezakete eta aldatu behar dute. Baina hori gauzatzeko borondate politiko falta nabaria dago.
Laneko segurtasunak gainditu gabeko ikasgaia izaten jarraitzen du enpresetan, gehiago arduratzen baitira produktibitatea hobetzeaz eta lan-erritmoak areagotzeaz, langileen segurtasuna eta osasuna ziurtatzeaz baino.

ELAk, euskal gehiengo sindikalaren parte den aldetik, dei egin die langileei datozen orduetan gure herrialdean azken lan-heriotza salatzeko deituko dituen mobilizazioetara batzeko.