Beste lan heriotza bat, Durangon

ELAk babesa eta elkartasuna adierazi die hildako langilearen senide eta lankideei, eta istripua berehala ikertzeko eskatu du, istripuaren arrazoiak eta erantzukizunak argitzeko.
Sindikatuak adierazi duenez, aste hau beltza izaten ari da laneko istripuei dagokienez; izan ere, hainbat lan-istripu larriren berri izan dute, eta, tamalez, azken istripu hilgarri hori gehitu behar zaie. Hala, Hego Euskal Herrian dagoeneko 30 langile hil dira lan-istripu baten ondorioz. "Onartezina da eta bada garaia Gasteizko eta Nafarroako gobernuek zein patronal eta erakundeek laneko segurtasuna eta osasuna lehentsi dezaten. Lan-prekaritatea lan-istripu eta gaixotasun profesional askoren jatorria da".
ELAk azpimarratu du eraikuntzaren sektoreak istripu asko pilatzen dituela, arrisku handiak dakartzalako, hala nola altueran erortzeko arriskua. Gaineratu du, askotan, enpresek ez dituztela neurri egokiak ezartzen prebentzioan ez inbertitzeagatik, eta, ondorioz, lan-istripuak eta langileen osasunari eragindako kalteak areagotu egiten direla. Bestalde, azpikontratazio-maila handiko sektorea da, eta horrek enpresek prebentzioaren arloan dituzten erantzukizunak murriztea dakar.