Lan istripu hilgarria gertatu da Eusko Jaurlaritzaren Lakua I eraikinean, Gasteizen
Hildakoaren senitarteko eta lagunei elkartasun eta babes zintzoena adierazteaz harago, egun langileek jasaten duten prekaritate egoera salatu du ELAk. “Prekarietate hau, lan erritmo jasanezin, jardunaldi amaigabe, eta sektoreko hitzarmen nahiz prebentzio araudegiaren betegabetzeetan bihurtu ohi da, administrazioak honen guztiaren aurrean beste alde batera begiratzen duen bitartean, behin eta berriro, modu sistematikoan. Are larriagoa da egoera Administrazio Publikoan, non betegabetzeak hain errotuak dauden”, deitoratu du sindikatuak.
Honez guztiaz gain, Eusko Jaurlaritzak istripu hilgarri honen aurrean Prebentzio Ordezkariekiko izan duen “jarrera lotsagarria” salatu du ELAk. Istripua gertatu zela ordezkariei ez komunikatu izanaz gain, ikerketaren nondik norakoei buruzko informazioa ezkutatu die momentu oro, ordezkariak “kasualidadez” ikerketa abian zuten Osalaneko teknikariekin elkartu direlarik euren parte-hartzea erabat ausazkoa izan delarik. “Horrelako jarrerak eta informazio ezkutatzeak ez dira inolaz ere onargarriak”, baieztatu dute.
ELAk azpimarratu du estatistika hauen atzean lan-erritmo jasanezinak, lan baldintza geroz eta kaxkarragoak, lan-karga izugarriak, estresa, etabar daudela, alegia, prekaritatea. Gehitu duenez, langileen osasunak eta segurtasunak zentralidadea hartzen ez duen bitartean, ezingo da lakra honekin amaitu. “Borondate politikoa eta enpresarien behin-betiko konpromezua besterik ez dira behar honekin amaitzeko”, laburbildu dute.