Lan heriotza Gasteizen

2022/01/10
Urtarrilaren 10ean 47 urteko langile bat hil da Gasteizko Olarizu auzoko etxebizitza batzuen obretan. Langilea aldamio batetik erori eta bertan hil da. Euskal Herrian 2022an lanean hildako bigarren pertsona da, lehena Araban.

ELAk elkartasuna adierazi nahi die hildako langilearen senide eta lagunei. Eraikuntzako lanaren berezko baldintza gogorrei sektorearen prekarietate izugarria gehitu behar zaie: lan-erritmo jasanezinak, lanaldi amaigabeak, sektoreko hitzarmena eta prebentzio-araudia egunero ez betetzea…

Egoera larri horren aurrean, ELAk Eusko Jaurlaritzari eta ugazabei exijitu die berehala ezar ditzatela prebentzio-legeriaren ez-betetzeak kontrolatzeko eta jarraipena egiteko neurriak. Ezinbestekoa da osasuna eta bizitza erdigunean jartzen dituzten erabakiak hartzea. Onartezina da urtero dozenaka pertsona hiltzea lanean.

ELAk, gainerako gehiengo sindikalarekin batera, elkarretaratzea egingo du urtarrilaren 13an, ostegunean, 11:30ean, Olarizu etorbidean (Gasteiz), istripua salatzeko.