Lan istripuen abuztu lazgarria

Berriz ere lan istripuen ondorioz hildako langileen egoera salatu behar dugu, jadanik 35 baitira aurten Hego Euskal Herrian lan istripuetan hildakoak.
Aurten ELAk espreski eskatu du erorketak pairatzeko arriskua duten lanpostuen ikuskaritza lana hobetzea, lan horietarako protokoloak gogortzea eta administrazioek lan hori burutzeko medioak jartzea. Zoritxarrez, erorketen ondorioz hildako kopurua oso altua izan da azken urteetan. Horrek argi erakusten du ez direla istripu hutsak, eta lan horiek burutzeko baliabideak eta segurtasun neurriak berrikustea ezinbestekoa dela.
ELAren ustez lan-baldintza duinak izatea eta lanak segurtasunez burutzeko baliabideak izatea lanean aritzeko ezinbesteko baldintzak izan behar dira. Lana bukatutakoan etxera bizirik eta onik bueltatzea edozein langileren gutxieneko eskubidea da, eta ezin dugu onartu prekarietatearen edo baliabide faltaren ondorioz bizitza galtzea; diru-irabaziak ezin dira bizitzaren gainetik egon.
Azken bi heriotza hauekin abuztuan, guztira, zazpi hildako izan ditugu. Onartezina den egoera da hau. Hori dela eta, administrazioei exijitu behar diegu baliabideak jarri ditzatela langileen bizitzak bermatzeko.
Azkenik, ELAk hildako pertsonen sendiei bere dolumina helarazi nahi die.